Blog

Blog

Zelai berriaren ametsa bete dugu

Pozik eta oso eskertuta bizi izan genuen ilbeltzaren 25a Etxarri Aranatzen. Guretzat egun berezia izan zen, urte luzez amestutako San Donato futbol zelai berria mustu baikenuen. Belar artifizialeko zelai berriak herritarren eta futbolzaleen babesa eta ilusioa batu zituen, eta San Donato txiki geratu zen bertaratu zen jende guztiarentzat.

Goizetik nabari zen giro berezia. Gure futbol taldeko jokalari guztiek talde argazkia egin genuen berritutako zelaian, drona eta guzti, egun historiko hau betiko gogoratzeko. Une hunkigarria izan zen, belaunaldi ezberdinak zelai berean elkartuta ikustea.

Ondoren, mustutze ekitaldia egin genuen Andra Mari ikastolako frontoian. Hasiera batean ekitaldia futbol zelaian bertan egitea gustatuko litzaigukeen arren, eguraldiaren ziurgabetasuna zela eta, frontoian egitea erabaki genuen, dena behar bezala ateratzeko.

Ekitaldian zehar, Etxarriko musikariek gure futbol taldearen ereserki berritua aurkeztu zuten. Giro aparta sortu zuten, eta bertaratu guztiok harrotasunez eta emozioz bizi genuen momentua. Gainera, aitortza berezia egin genion Arretxe juntakideari, urte hauetan egindako lan eta konpromisoagatik.

Egun osoan zehar sentitu genuen herriaren babesa eta maitasuna. Horregatik, bihotzez eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratu ziren herritar guztiei, laguntzaileei eta urte hauetan proiektu hau posible egin duten guztiei. San Donato zelai berria ez da soilik futbolerako espazio bat; herri oso baten ilusioaren eta elkarlanaren emaitza da.