Blog

Blog

Erregionalak preferente mailara igo dira

Denboraldi bikaina borobildu du Etxarri Aranatzek. Liga txapelketa lider gisa amaitu ostean, aurten bai, igoera fasean helburua lortu eta datorren denboraldian Preferente Mailan ariko da.

Igoera faseko azken kanporaketan, Ribaforada izan du aurkari Etxarri Aranatzek. Joaneko neurketa San Donato zelaian jokatu zen, eta etxeko taldeak urrats sendoa eman zuen 3-0eko garaipen argia eskuratuta.

Itzulerako partida, berriz, maiatzaren 23an jokatu zen Ribaforadan, bero itogarriaren erdian. Etxeko taldeak indartsu ekin zion neurketari, eta 2. minutuan Abraham Bozalek 1-0ekoa egin zuen. Erriberakoek erasoko jokoarekin jarraitu zuten, eta 22. minutuan bigarren gola ere lortu zuten, kanporaketa estutuz.

Hala ere, Etxarri Aranatzek ez zuen amore eman. Taldeak izaera eta sendotasuna erakutsi zituen une zailenean, eta 39. minutuan Mattin Altzelaik sartutako golak arnasa eta lasaitasuna eman zizkien etxarriarrei. 2-1eko markagailuak kanporaketaren norabidea berriz ere Etxarriren alde jarri zuen.

Bigarren zatian bi taldeek lehia bizia mantendu zuten, baina ez zen gol gehiagorik izan. Horrela, joaneko eta itzulerako emaitzak batuta, Etxarri Aranatz 4-2 nagusitu zen guztira, eta aspaldidanik bilatzen ari zen helburua lortu zuen: Preferente Mailara igotzea.

Poz handiko eguna izan da jokalarientzat, entrenatzaileentzat, zuzendaritzarentzat eta zale guztientzat. Denboraldi osoan egindako lanaren saria jaso du taldeak, eta datorren urtean erronka berri eta ilusioz beteriko bati egingo dio aurre Nafarroako Preferente Mailan.